XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aberri-Eguna

IBINAGABEITIA'TAR ANDIMA

Pazko-Igandea! Egun andi ta zoragarria!

Lur guztia bizi berri batek artuta zoriona eskeintzen ari zaigu: zelaiak lorez beterik, zuaitzak osto orlegi-leunez jantzita kantari, eguzkia bera arpegi alaiagoz datorkigu bestetan ez bezelako errañuak dariozkala.

Izan ere Pazko-Igandeko argitasunak bizi berri ta poz berri bat ekartzen dizkigu guztiori.

Berpizkundea da! Egun orretan Kristok Erio garaitu zuen, orduraño ta arrezkero beti garaile izan dan Erioa bere oinpean zapaldurik.

Argatik esan zuen Paul Bidali gurenak: Erio, non duk ire garaipena? ilkor geranon iresle danaren gaiñean Kristok iritxi zuen garaipena nabarmentzeko.

Eta garaipen izugarri orren gaiñean eraiki zuen Kristok bere erreñua.

Berpizte gabe utsa ta alperra izango zan gure siñismena.

Eta orregatik ospatzen dugu ABERRI-EGUNA ere Pazko Igandez, Kristok Eriotza garaitu zuelako gizadia askatzeko, eta Euzkadik ere, gure Aberria betiko itzalpean ondatu nai duen eriotza lotsagarria garaituta, Pizkunde zoriontsu baten Aberri askatuen mailara iritxi nai duelako.

Aberri-Eguna! Moltsoan datozkigu oroimenera Bilbao, Donosti, Iruña ta Gazteiz'en ospatu ziran Aberri-egunen oroitzapenak.

Antxe agertu zan Euzkadi osoa, millaka euzkotar lerro-lerro, mundu guztiaren aurrean bere askatasun naia erakusteko.

Bai, askatasun naia, bizi naia, Euzkadi eriotzapetik ateratzeko nai sendoa!

Eta etsaiak, arerioak, erri oso baten bizi-nai sendo ta gartsu ori ikustean, amorruz ta beldurrez euren zulo beltzetan izkutatzen ziran ikaratuta.

Zorioneko Aberri-Egunak! Zori-obeko euzkotarrak ordukoak!

Ogetaz urteak igaro dira arrezkero eta gure Aberri laztana iñoiz ikusi ez dituen bezelako egun beltzenetan sartuta daukagu, ERIO'ren atzapar artean il-zorian.

Betiko etsaiak, orain ordea iñoiz baiño ere gogor ta zitalkiago, Euzkadi galdu naiez dabiltza.

Eta bitartean, euzkotarrok, gure ama maitea aztuta, arrotzekin nastuta bizi gera, Aberria danik ere gogoratu gabe.

Ordua dugu, euzkotarrak, gure biotzak abertzaletasun gartsu batekin sututzeko, gure gogoak azkartzeko, gure eskuak pizkortzeko.

Jarri gaiten berriz ere lerro-lerro askatasun burrukarako prest.

Ez dezatela arerioak esan Euzkadi erri makal eta odol-ustua danik, ez dezatela gure bizkarretik parrerik egin geiago!

Aurtengo Aberri-Egunean ain zuzen ere, indarrez Aberriaren gaiñera etsaiek dakarkiguten Erio ankerra baztertzeko erabaki sendoena artu dezagun.

Aberri-Eguna! Pizkunde Eguna! Ez dugu eriotzarik nai.

BIZI, EUZKADI AZKATU NAI DUGU!

Eriotza garaitu nai dugu Euzkadiren osasunerako.

Eta ez gera atertuko asmo bikain ori iritxi arte, Paul'ek bezela, askatasun pozez dar-dar geure indar guziekin deadar egiteko: Erio! Non duk ire garaipena?

Eta orduan bai, Euzkadi azke izango da eten gabeko Aberri-Egun batean euzkotar guztiok beti bizitzeko!